Cabo Quilares itsas espetxe-ontzia
Repository: Sabino Arana Fundazio, Bilbao, Spain
Type: Prisons
Extent: 1 item
43.29548, -2.99009
1936ko irailean, matxinatuen bandoko hegazkinek Bizkaiaren gaineko bonbardaketak areagotu egin zituzten, baina batez ere, Bilbo jarri zuten jomugan. Populazio zibilaren aurka zuzendutako eraso hauei erantzun gisa, Barakaldoko Portuko dartsenan lotuta zegoen Cabo Quilates izeneko itsas espetxe-ontziak bi eraso sufritu zituen denbora gutxian. Lehendabiziko erasoa 1936ko irailaren 25ean gertatu zen, eta 50 preso exekutatu zituzten. Bigarrena berriz, Almirante Ferrándiz gerra ontzi errepublikanoaren hondoratzearen ostean etorri zen, urriaren 2an; beste 31 presoren heriotza eragin zuen.
Nolanahi ere, Bilboren historian ezagutu zen presoen aurkako oldarraldirik bortitzena 1937ko urtarrilaren 4an gertatu zen. Egun hartan, atxilotuta zeuden berrehun preso baino gehiago hil zituzten Bizkaiko hiriburuko espetxeetan, gehienak fusilatuta, hiriak jasandako bonbardaketen mendeku gisa.
Egun hartako arratsaldeko hiruak aldera, nazien hegazkinek Bizkaiko hiriburua bonbardatu zuten. Gutxienez zazpi hildako eragin zituzten. Gipuzkoa frankisten eskuetan erori ostean, Bizkaia errefuxiatuak jasotzen hasia zen. Bonbardaketa haien helburu nagusia, biztanleriaren morala kolpatzea zen. Abiazio errepublikanoak Bilbo erasotu zuten hogei hegazkinetik bat bota zuen, alemaniarren “Junker” erako hegazkin bat hain zuzen ere. Hegazkinean zihoazen kideetatik bik paraxutean salto egitea lortu zuten, eta horietako bat, lurrera iritsi bezain pronto atxilotu eta kolpez astindu zuten, hil arte. Bere gorpua lepoan hartuta Bilboko kaleetan manifestaldi itxurako protestak zabaldu ziren eta azkenean, hiriko hainbat kartzeletan atxilotuta zauden eskuineko presoen aurka bideratu zuten mendeku gosea.
Hala, muturreko etsaitasun-giro hartan, zenbait miliziano eta zibil Larrinagako Probintzia Espetxearen inguruan, Galera Etxean eta Karmeldarren eta Ángeles Custodios komentuetan elkartu ziren. Zentro hauek guztiak, lehendabiziko Euskal Gobernuak behin behineko espetxe gisa gaitu zituen gerran zehar, aipatu Larrinagako espetxetik gertu zeudelako. Izan ere, Larrinagako espetxean preso guztiak jasotzeko espazio falta nabarmen geratu zen berehala soldadu ugari eta altxamendu militarrari lotutako beste hainbat atxilotu eraman baitzituzten bertara. Herritarren presioaren ondorioz, zentro hauek kontrolatzen zituzten guardiek amore eman eta sarrera erraztu zuten, mendekuari bidea irekiz.
Erasoaren emaitza zera izan zen: 225 preso erahil zituzten, 7 Karmeldarren komentuan, 54 Galera Etxean, 56 Larrinagan eta 108 Ángeles Custodios komentuan.
Gertaera hark ordura arte Euskal Gobernuak etsaien aurka mendeku politikorik ez gauzatzeko estrategia bertan behera bota zuen. Ondorioz, Telesoforo Monzonek, orduko Gobernazio eta Hiritarren Segurtasunerako kontseilariak bere ardura onartu behar izan zuen publikoki.
Bestalde, erregimen frankistak gertaera hauek ondo aprobetxatu zituen gorri-separatistek gauzatutako gaiztakeria eta gehiegikeriak salatu eta horren gainean kontakizun ezberdinak eraikitzeko.
AOM/UB/MJV