Pilar Careaga Basabe
Repository: Bilboko Udal Artxiboa - Archivo Municipal de Bilbao: Ayuntamiento de Bilbao
Creator: Elorza Arrieta, German
Date Created: 1969
Type: Photograph
Extent: 1 item
43.263, -2.935
Pilar Careaga, diktaduraren gobernuaren agindupean egon ziren udal frankista berrien eredua islatzen duen adibide garbienetako bat da. Alkatea gobernuak izendatzen zuen, herritarren eta korporazioa osatzen zuten zinegotzien parte hartzea kontuan izan gabe.
Careaga dirudun familia batean jaio zen. Bere aita lanbidez diplomatikoa zen eta herentzia handia jaso zuen emaztearekin ezkonduta zegoen. Guraso biak, Euskal Herriko goi mailako burgesiarekin ahaidetuta zeuden; izan ere, burgesiako kide hauek sektore ezberdinetan jarduten zuten hainbat enpresetan partaidetza garrantzitsuak zeuzkaten, eta horrek, proiekzio politiko handia eskaintzen zien Espainian.
Pilar Careaga Espainiako lehen emakume ingeniari industriala izan zen. Garai hartako emakume batentzat ez-ohiko prestakuntza lortu zuen beraz. Horrekin batera, frantsesa, ingelesa eta alemana hitz egitera ere iritsi zen. 1930eko hamarkadan, politikagintzan sartu zen, eskuin-muturreko monarkikoekin batera, Renovacion Españolako kide gisa. 1933ko hauteskunde orokorretan, aipatu alderdi horren hautagaitza zerrendan hartu zuen parte.
Gerra zibila abiatu ondoren, Bilbon atxilotu eta espetxean sartu zuten. 1936ko irailean, matxinatuen aldera igaro zen, presoen trukaketa baten parte izan ostean. FET de la JONS delakoen Fronteko Ospitaleen sarean hasi zen lanean, Madrilgo frontean soldaduei laguntza emanez. 1939an, Meritu Militarraren Gurutze Gorria jaso zuen, “kanpainan zehar erakutsitako gogo eta neke eta arriskuei erakutsitako mespretxu handiagatik, eta etsaien kanoikada eta tiroei aurre egiteagatik”. Ez zen batere ohikoa orduan emakume bati errekonozimendu hau eskaintzen.
Gerra amaitu ondoren, Bilbora itzuli zen eta ongintza-lanetan aritu zen hainbat erakundetan. 1964tik aurrera, erakunde frankista berrien agindupean jardun zuen. Baina, zalantzarik gabe, bere ibilbide politikoaren gailurrera 1969an Bilboko alkate izendatu ostean iritsi zen. Kargu hori 1975era arte bete zuen. Aldi berean, Gorteetako prokuradore ere izan zen. Alkate kargua utzi ondoren, jarduera publiko guztiak utzi zituen, nahiz eta eskuin muturreko taldeak babesten jarraitu. 1979an ETA Careaga hiltzen saiatu zen. Bizirik atera zen, nahiz eta osasun arazo batzuk sufritzen jarraitu zuen.
Pilar Careagak diktadurako Gobernuaren menpe eta herritarren iritzia errespetatu gabe funtzionatu zuten udal frankista berrien ideia ondo islatu zuen. Careagak berak zera zioen 1975ean: "Nire dimisioa herriaren iritziaren gainetik dago. Ni nire gainetik daudenei zor natzaie, eta hauek nire karguari uko egitea eskatzen badidate, gustura egingo dut (...). Alkateok gaizki beharko genuke, beste kontu horien menpe bageunden. Beste modu batera funtzionatzen hasiko gara, noizbait, herritarren alkateak hautatzeko asmoa gauzatzen bada”.
Aldi berean, Pilar Careaga kontraesanez betetako emakumea izan zen, etengabe, bere egunerokotasunean, defendatzen zituen ideia haiekin talka egiten baitzuen: emakumeek familiako laneratara eta etxeko kontuetara mugatu behar zuten euren jarduna, baina aldiz, berak, 1929an ingeniari titulua lortu zuen, 1937an gerrako lehen lerroan hartu zuen parte eta 1970ean Bilboko alkatea izan zen.
MU/UB/MJV