Saturrarango emakumeen kartzela
Creator: Marín, Pascual
Repository: Kutxa Fototeka
Date Created: 1940
Type: Photograph
Extent: 1 item
43.30712, -2.38711
Diktadura frankistak errepresio orokorra eraman zuen aurrera, ehundaka mila pertsona espetxeratuz. Atxilotu horiek guztiak nonbait sartzeko, ordura arte beste funtzio batzuetarako erabiltzen ziren eraikinak kartzela bihurtu zituzten. Horren adibide da Mutrikuko Saturrarango kartzela, bainuetxea izatetik emakumeen kartzela izateko prestatu baitzuten. Eskolak, komentuak, bainuetxeak edota etxe partikularrak kartzela inprobisatu gisa erabili behar izateak, errepresioa zein zabala izan zen aditzera ematen digu.
Saturrarango Emakumeen Kartzela diktadura garaiko emakumeen kartzelarik garrantzitsuenetako bat izan zen 1938 eta 1944 bitartean. Espetxeko ziegetatik 2.500 emakume inguru igaro ziren, euren jarduera politikoengatik atxilotuak izan zirenak. Asko, seme-alaba txikiekin batera eraman zituzten kartzeletara. Diktadura frankistak gogor zapaldu zituen garaituak, gerra galdu zutenak, emakumeak barne. Emakume haiek, izatez, errepresio berezitua jasan zuten gainera. Besteak beste, bahituak izan ziren, akain belarra edatera derrigortu eta herriko kaleetan modu lotsagarrian paseatzera behartu zituzten eta sexu abusuak eragin zizkieten.
Emakumeak pilatu zituzten espetxe horietan, bizi baldintza gogorrei aurre egin behar izan zien. Presoen sufrimendurako, elikagai gabezia, era guztietako gaixotasunak, osasun baldintza kaxkarrak, garbitasun falta eta jende pilaketa handiak ohikoak izan ziren. Espetxe gehienetan, behar baino pertsona gehiago sartu zituzten eta gaixotasunak zabaltzea ohikoa izan zen, datu ezberdinek erakusten duten bezala. Kartzeletan gaixotu eta hildako preso kopurua handia izan zen. Tuberkulosia eta antzeko patologiak Francoren kartzeletako egunerokotasunaren parte ziren. Emakumeen eta gizonen kartzelak ez ziren oso desberdinak, baina bai batzuek eta besteek sufritu zituzten egoerak; izan ere, alde batetik, emakumeek askoz arrisku handiagoa zuten sexu-abusuak jasateko, eta, gainera, seme-alabek eurekin bizi behar izaten zuten 3 urte bete arte. Hain baldintza penagarriak sufritu eta gainera haur txikiak zaindu behar izate hori, finean, zigor bikoitza izan zen amentzat, eskuetan eusten zituzten seme-alabak espetxean hiltzen ikusi eta ezer egiterik ez zeukatela jabetzen baitziren. Gainera, umeek hiru urte betetzen zituztenean, kartzelatik atera behar izaten zituzten; amak izaten ziren umea noren esku utzi erabaki behar zutenak; umearen ardura nork hartuko aurkitzen ez bazuten, Estatuak beste familia batzuen esku utzi zitzazkeen haurrak. Amak beraz, umeak modu ezberdinetara galtzera kondenatuta zeuden. Saturraranen bizitzea zein arriskutsua zen argi erakusten dute datuek: espetxean 156 emakume eta beste 38 haur hil zirela dokumentatu da, gehienak espetxeko bizi-baldintzekin zuzenean lotutako gaixotasunen ondorioz.
APE / UB/ MJV