Gerra zibilean suntsitu zuten Bilboko San Anton zubiaren berreraikitze lanak
Repository: Euskadiko Artxibo Historikoa - Archivo Histórico de Euskadi
Date Created: 1937
Type: Bridges
Extent: 1 item
43.25485, -2.92296
1937ko ekainaren 19an frankistak Bilbon sartu zirenean, Euskal Herrian gerra zibila amaitu egin zela esan daiteke. Gerraren azken egunetan zehar, porrotak saihestezina zirudienean, Euskal Gobernuko gehienek, Jose Antonio Agirre lehendakaria buru zutela, Bilbotik ihes egin zuten. Hiriko aginte bezala Bilboko Defentsa Batzordea geratu zen, eta bere buruzagitza Jesús María Leizaola Justizia eta Kultura sailburuak hartu zuen.
Leizaolak berak agindu zuen Bilboko zubiak suntsitzea, frankistek hirira sartzerako orduan zailtasun gehiago aurkitu zitzaten. Estrategia horrekin, etsaien armada hirira iristea oztopatu nahi zen, eta herritarrei denbora gehiago eman Bilbotik ihes egiteko, diktadura frankistak ezarri ziezaiekeen zigorrei beldur.
Aginduari jarraituz, 1937ko ekainaren 18tik 19rako goizaldean, Lehendabiziko Euskal Dibisioak Bilboko zubiak suntsitu zituen. Aipatu dibisioaren komandantea Joseph Putz frantziarra zen, Espainiako Bigarren Errepublikaren alde borrokatzera etorritako Nazioarteko Brigadetako kidea.
Horrela, hiriko zubiak suntsituta ikustean, agintari frankistak ahalik eta azkarren berreraikitzera behartuta egon ziren. Bilboko udal frankista berriak, José María Areilza alkatea buru zuela, berreraikuntza ez ezik, zubion izen aldaketa ere azkar burutu zuen. Horrek nolabait, hiriarentzat zubi hauek zeukaten garrantzia erakusten du, zentzu praktikoan zein sinbolikoan.
Diktadura frankistak beraz, hiriko oinarrizko azpiegitura hauen berreraikuntza propaganda egiteko erabili zuen, zubi guztien izenak aldatuz. Izena mantendu zitzaion bakarra, San Anton zubia izan zen, kutsu erlijiosoa baitzeukan aurretik ere. Gainerako zubiei frankista garrantzitsuenei omenaldia egiteko edo gerrari eta errepublikarren porrotari erreferentzia egiteko erabili zuten nomenklaturekin deitu zitzaien. Horrela, Bilboko zubi berriei Garaipenaren Zubia (ordura arte Isabel II.a), Mola Jeneralaren Zubia (aurrez Begoñako zubia edo Udaleko zubia) edo Franco Jeneralaren Zubia (ordura arte Deustuko zubia) deitu zitzaien, besteak beste. Ondorioz, diktadura frankistak zubi horiek oroimenerako leku bihurtu zituen. Jakina denez, diktaduran zehar ohiko estrategia izan zen hura, kaleak, plazak eta mota guztietako elementu arkitektonikoak berrizendatu baitziren eta honekin, frankisten garaipenaren sinbolo bihurtu zituzten. Aldi berean, diktadurak iraun bitartean, herritarrei Espainiako Gerra Zibilean irabazlea nor izan zen eta nor galtzaile egunero gogorarazi zitzaien.
APE / UB/ MJV