Botere lokal berriak
Repository: Bilboko Udal Artxiboa - Archivo Municipal de Bilbao: Ayuntamiento de Bilbao
Creator: Foto Cecilio (Fernandez Echevarria, Cecilio)
Date Created: 1936-06-19
Type: Photograph
Extent: 1 item
43.263, -2.935
1936ko uztailean Espainiako zati handi batean altxamenduak porrot egin ostean, gerra zibila abiatu zen. Militar matxinoek ez zuten gerra amaitu arte itxaron estatu berri bat eraikitzen hasteko. Bide horretan eman zuten lehendabiziko urratsa 1931ko Konstituzioa indargabetzea izan zen, bai eta erakunde demokratiko guztiak ezabatu eta haien ordez berriak ezartzea, diktaduraren zimendu izan ziren printzipio autoritarioetan oinarrituta.
Aipatu estatu berriaren eraikitze prozesuan, tokian tokiko botere berriak diktaduraren erakundetze politikoari jarraikiz antolatu ziren. Errepublikaren herentzia demokratikoaren zantzu guztiak ezabatu eta diktadorearen agindupeko estatu hierarkizatu berri bat eraikitzea zen helburua. Udal demokratikoen ordez agintari militarrek izendatutako udal-batzorde kudeatzaileak ezarri zituzten, eta behin gerra amaituta, batzorde zibilek hartu zuten lekukoa. Erakunde berriotako kideek diktadurarekiko erabateko leialtasuna frogatu behar izan zuten hasiera hasieratik. Kasu askotan, frankisten alde gerran borrokatu zutenak ziren orain, erakunde horien buru. Antolamendu berrian, alkatetzak ez zituen herritarren interesak kontuan hartzen. Edo beste era batera esanda, alkatea Gobernuaren ordezkari bat izan ohi zen, eta ez herritarrek aukeratutako agintari bat.
Behin-behineko udal legeria 1945era arte mantendu zen, Tokiko Araubidearen Oinarrien Legea onartu zen arte. Lege berriarekin zinegotziak izendatzeko eredu korporatibo sasi-demokratiko bat txertatu bazen ere, Gobernu zentralak alkatea izendatzen jarraitu zuen, herritarren borondateari entzungor eginda.
Tokian tokiko botere lokal berriak diktaduraren proiektu politikoaren zerbitzura egon ziren une oro. Botere hauen egitekoen artean, administrazioaren depurazioa nabarmendu dezakegu: erregimenari atxikita ez zeuden langile guztiak kanporatu eta konfiantzazko pertsonez ordezkatu zituzten. Horrekin batera, garaileei eskainitako gerraren memoria bat eraiki zuten. Kale-izendegia aldatu zen, martiri frankisten eta gerran eroritakoen oroimenez altxatutako monumentuak inauguratu ziren, eta euren hildakoak, diktadorea bera eta altxamenduarekin eta garaipenarekin erlazionatutako zenbait data garrantzitsu jasotzen zituen egutegi bat sortu zuten.
Tokian tokiko aginteek burutu zuten hirugarren jarduera-ildoa, gerrak suntsituta utzi zituen azpiegituren berreraikitzea izan zen. Hein handi batean garaituak izan zirenek burutu zituzten lan gogor horietako asko, lan behartuak egitera derrigortuak izan baitziren. Azkenik, Estatuaren garapenerako beharrezkoak ziren azpiegitura berriak eraikitzeko udal berriek finantzazio oso exkaxa jaso zuten eta horrek ez zien proiektuak aurrera ateratzen lagundu. Izan ere, Estatu berrian, tokian tokiko botereek baliabide urriak eduki zituzten eta azpiegitura garestienak eraikitzeko orduan, Gobernuarekin mantendu zezaketen harremanen menpe egon ziren.
MU/UB/MJV