Bizkaiko Diputazioaren Jauregian bandera frankista altxatzen
Creator: Provincial Deputation of Vizcaya
Repository: Report of the Provincial Deputation of Vizcaya
Date Created: 1937-06-19
Type: Photograph
Extent: 1 item
-2.935, 43.263
Azken Gerra Karlista 1876an amaitu ondoren, euskal lurraldeetako Foruak abolitu ziren (Erdi Arotik mantentzen ziren eskubide berezituak). Baina Cánovas del Castillok zuzendutako espainiar Gobernuak argi ikusi zuen, informaziorik ez zeukaten lekuotan fisko sistema bateratua ezartzeak gerra berri bat piztu zezakeela. Hala, Gobernu zentralak 1876ko uztailaren 21eko legean -Foruen aboliziorako legea, zeinak euskaldunei ejerzitora soldaduak bidaltzeko eta Estatuko Ogasunera baliabideak bideratzeko derrigortasuna ezarri ziren- behar zituen aldaketak egiteko eta Legearen aplikazioa tokian tokiko baldintzetara moldatzeko aukera gehitu zuen. Hori egiteko eta Gobernu zentralak hala nahi izanez gero, hiru probintziotako diputazioekin hitz egin zezakeen erabakirik hartu aurretik.
Legea aplikatzerako orduan beraz, Estatuari zergak ordaintzeko adibidez, Estatuko gainontzeko lekuetan bezala, 1877ko amaieratik Gobernuak probintzietako gobernuekin moldaketaz hitz egin zuen. Hizketaldi horien emaitza 1878ko otsailaren 28ko Errege Dekretuan gorpuztu zen: Kontzertu Ekonomikoa. Hasiera batean zortzi urtetarako adostu bazen ere, azkenean, Kontzertua Gerra Zibilera arte berritzen jarraitu zuten.
1937ko ekainaren 19an Franko generalak zuzendutako tropa frankistak Bilbon sartu ziren. Bi egun beranduago, Bizkaiko probintziako Diputazio berria egituratu zuten matxinatuek. Ekainaren 23an, Bizkaia eta Gipuzkoan (bakarrik) Kontzertu Ekonomikoa ezabatzeko Dekretua sinatu zen. Bi probintzioi traizio egitea leporatu zitzaien, uztaileko estatu kolpera batu ez izanagatik. Araban aldiz, Kontzertua mantendu egin zuten, matxinatuek hasiera hasieratik ia kontrolpean eduki baitzuten lurraldea.
Kontzertua abolitu izanaren benetako arrazoiak ugariak dira. Hasteko, gerra testuingurua izaki, kostuak ordaintzeko edozein baliabide beharrezkotzat hartzen ziren eta beraz, zergak jasotzeko nahia ukaezina zen. Bizkaia eta Gipuzkoa gainera, estatu mailan ordura arte industria jarduera handienetarikoa erakutsi zuten bi probintzia ziren. Araban bestalde, populazioaren gehiengoa nekazaritzan aritzen zen eta fiskoari zegokionean, ez zuen hainbesteko interesik sortzen. Horrez gain, aipagarria da matxinatuen artean aurrez Kontzertu Ekonomikoa negoziatzen arituak ziren ogasuneko zenbait funtzionario zeudela, eta ondorioz, bi probintzietako egitura eta zerga gaitasuna ondo ezagutzen zutela.
Aginte frankistek diktaduran zehar Kontzertua berreskuratzeko asmo txikiren bat erakutsi bazuten ere, eta diktaduraren azken urteetan administrazio sistema berezitua antolatzeko komisio berezi bat antolatzera ere iritsi ziren arren, Kontzertu Ekonomikoa 1981ean ezarri zen berriro Bizkaia eta Gipuzkoan, konstituzioaren babespean eta 1979ko Autonomia Estatutuak hala jaso ostean bakarrik.
EAO/ UB/ MJV