Santoñako hitzarmena
Repository: Sabino Arana Fundazio, Bilbao, Spain
Source:
Source: Sabino Arana Fundazioa/Fundación Sabino Arana: AJP-004/125
Date Created: 1937-08-26
Type: Photograph
Extent: 1 item
43.44497, -3.45593
Irudian, 1937ko abuztuaren 26an Santoñako portuan (Kantabria) Italiako Armadari euren buruak entregatzera doazen Euzko Gudarostea osatu zuten soldaduak ikusi daitezke. Argazkiak beraz, gudariek Santoñako hitzarmenaren testuinguruan aurkeztu zuten errendizioa ulertzeko balio du.
1937ko ekainaren 19an Bilbo frankisten eskuetan erori ondoren, Eusko Gudarosteko batailoiek Kantabriara atzera egin zuten. Testuinguru horretan, Eusko Alderdi Jeltzaleko (EAJ) buruzagiek Francoren aliatuak ziren italiar faxistekin bake akordio berezitua lortu zuten. Akordio hau Eusko Gudarostea kontuan hartu gabe eta Errepublikako Gobernuarekin ezer adostu gabe gauzatu zen. EAJko buruzagia zen Juan Ajuriagerrak zuzendu zituen negoziaziook, Alberto Onaindia apaizaren laguntzarekin. Aipatu Italiako agintariekin abuztuaren erdialdean hitzartutakoaren arabera, euskal gudariak italiarren aurrean abuztuaren 24a baino lehen errendituko ziren, Laredo eta Santoña inguruetan (Kantabria), porrot militarra jasan zutela irudikatuz. Errendizioaren truke, Italiako Armadak konpromisoa hartu zuen gerrako preso gisa artatzeko, errenditutako gudarien bizitza bermatu eta Francoren armadan parte hartzera behartuak izan ez zitezen. Gainera, Eusko Jaurlaritzak prestatutako itsasontzietan Eusko Gudarosteko arduradun politiko eta militarrak ebakuatzea baimenduko zuten. Azkenik, abuztuaren 26an, aurreko egunetan Santoñako portuaren inguruan kokatu ziren euskal batailoiak -argazkian ikus daitekeenez- italiarren aurrean errenditu ziren. 15 batailoi inguru errenditu zirela kalkulatzen da, gehienak euskal nazionalistak, nahiz eta ezkerreko batzuk ere tartean egon. Guztira, 10.000 soldadu baino gehiago.
Santoñako hitzarmenak porrot handia suposatu zuen euskal abertzaleentzat, eta gainera, italiarrek ez zuten euren hitza bete. Alde batetik, euskal buruzagiak ez ziren gai izan batailoien errendizioa antolatzeko, ezta arduradun politikoen eta populazio zibilaren ebakuazioa adostutako denboran gauzatzeko. Ondorioz, italiarrek akordioa bete ez zela erabaki zuten. Bestalde, Francok ez zituen agintari italiarren eta euskal nazionalisten artean adostutako baldintzak onartu. Hasiera batean, Eusko Gudarosteko kideak eta arduradun politikoak Italiako Armadaren zaintzapean geratu ziren Duesoko (Santoña) espetxean. Handik egun gutxira, ordea, Francok euskal presoak entregatzeko eskaera luzatu zien italiarrei, eta azkenean, irailaren 4an, frankisten ardurapean geratu ziren preso hauek guztiak. Honek epaiketa sumarisimoak, heriotza-zigorrak eta, 1937ko urriaren 15 ostean lehen fusilamenduak gauzatzeko bide eman zien frankistei. Juan Ajuriagerra bera ere, Santoñako Hitzarmena negoziatzen aritu zen euskal buruzagi nazionalista, preso hartu eta heriotza-zigorrera kondenatu zuten. Azkenean zigorra konmutatu zioten.
FMR / UB / MJV