Gudariei frontean eskainitako meza
Repository: Euskadiko Artxibo Historikoa - Archivo Histórico de Euskadi
Date Created: 1936-10
Type: Photograph
Extent: 1 item
42.99118, -2.5543
Argazkian Otxandioko gudarien batailoiak frontean meza bat nola ospatu zuen irudikatzen da. Euskal soldadu nazionalistak kultu katolikoa praktikatzen ikusi daiteke da bertan. Eusko Gudarosteko kide ziren kapilauen taldeak eman ohi zituen mezok. Aldi berean, irudiak Gerra Zibilak Euskal Herrian ezagutu zituen berezitasunak ulertzeko ere balio du. Izan ere, altxamendu militarraren ondorioz, katolizismo politikoaren eta elizaren artean banaketa handia gertatu zen. Estatuko gainontzeko lekuetan, elizak errepublikaren aurkako altxamenduan parte hartu zutenak bedeinkatu zituen eta gatazka, Gurutzada bezala ulertu zuen. Euskal Herriko elizaren barnean ordea, haustura handia eragin zuen gerrak. Kleroaren sektore bat, politikoki eskuin espainolistekin identifikatu zena, Espainiako elizaren hierarkiaren jarrerarekin lerrokatu zen. Euskal nazionalismotik hurbil zegoen beste sektore batek, aldiz, matxinatutako bandoari babesa eskaintzeari uko egin zion. Hauez gain, erlijio-gizon batzuk ez ziren gerran ziharduten bandoekin identifikatu eta neutral mantentzen saiatu ziren. Gerrak sortu zituen izugarrikeriek, euskal elizaren baitako hausturan sakondu zuen. Gerra Zibila Euskal Herrian, katolikoen arteko gerra ere izan zela esan daiteke.
Errepublikarekiko leial mantendu eta 1936ko urritik Euskal Gobernuak agintzen zuen lurralde autonomoetan, bizitza erlijiosoa normaltasunez garatu zen. Errepublikaren aldekoek kontrolatzen zuten Espainiako lurretan elizak aurkakotasun eta indarkeria antiklerikal bizia jasan zuen. Euskal Herrian aldiz, jazarpen erlijiosoa Eliza katolikoaren aurkako eraso sistematikotzat ulertzen badugu, ondorioztatu daiteke, ez zela halako jazarpen erlijiosorik gertatu. Horri esker, euskal lurralde errepublikanoak Asturias edota Santander bezalako beste leku batzuetan sufritu zuten klerikalen aurkako indarkeriatik ihesi zihoazen apaizen babesleku bihurtu ziren.
Euskal Herrian frankistak izan ziren kleroaren aurkako errepresio gogorra gauzatu zutenak, Mugimendu Nazionalari desafio egin ziotela argudiatuz. Mateo Mugica Gasteizko elizbarrutiko gotzainak, adibidez, 1936ko urrian Espainiatik ihes egin behar izan zuen, Defentsa Batzorde Nazionalak euskal abertzale katolikoekin toleranteegia izan zela ondorioztatu baitzuen. Momentu haietan, matxinatuek 16 apaiz fusilatu zituzten Gipuzkoan, "separatistak" izatea egotzita. Badirudi Gomá kardinalak Francoren aurrean egindako gestioek fusilamendu berriak saihestea lortu zituztela, baina euskal elizaren depurazio prozesuak aurrera jarraitu zuen. Ehun apaiz inguru epaitu zituzten auzitegi militarrek, eta horietako askok urtebeteko kartzela-zigorra sufritu zuten. Ehunka apaiz deserriratu zituzten eta beste askok erbestera ihes egin behar izan zuten errepresio frankistari beldur.
Aipatu Mugika gotzaina kanporatu ondoren, Jose A. Perez Ormazabal bikario nagusi berriak hartu zuen behin-behinean elizbarrutiko zuzendaritza. 1937ko irailetik 1943 arte, Javier Lauzuricaren eskuetan geratu zen administraritza apostolikoa. Biak hala biak euskal eliza Mugimendu Nazionalera erakartzen saiatu ziren eta diktadurarekin elkarlanean aritu ziren desafio egin zuten elizgizonen aurkako errepresioa bideratuz. Gerra amaitzean, Euskal Herrian garaileen eta garaituen eliza bat sortu zen.
FMR/UB/MJV