Gernikako bonbardaketa
Repository: Euskadiko Artxibo Historikoa - Archivo Histórico de Euskadi
Source:
Source: Euskadiko Artxibo Historikoa - Archivo Histórico de Euskadi, Fondo Carlos Blasco Olaetxea Bilduma, K02_H060_2.
Date Created: 1936-04-26
Type: Photograph
Extent: 1 item
43.31436, -2.67785
1936ko uztailetik 1937ko abuztua bitartean Euskal Herriko 130 herritan 2.000 bonbardaketa baino gehiago zenbatu ziren. Bonbardaketa hauetako batzuetan, historian aurreneko aldiz, sua eragiten zuten bonbak erabili ziren.
Lehendabiziko bonbardaketa Otxandion erregistratu zen, uztailaren 22an. Otxandioko biztanleek bi hegazkinek euren gainera sei bonba jaurti eta herria metraileten tiroz nola josten zuten ikusi zuten. Dozenaka hildako eta zauritu utzi zituen erasoak, gehienak, zibilak. Bestalde, egun hartan bertan, errepublikaren defentsan zebiltzanek lehendabiziko itsas bonbardaketa gauzatu zuten: Donostiako Kontxako badian, karelez kanpoko motordun txalupa batetik hiriko Gran Casino delakoa bonbardatu zuten, frankistek badian zegoen Gobernu errepublikanoaren ontzi bat suntsitu ez zezaten.
Hilabete eta erdiko gerraren ostean, irailaren 5ean, frankistek Irun hartu zuten eta Frantziar Estatura iristen ziren bide guztiak itxi. Ordurako, irundarrek 33 bonbardaketa sufritu zituzten. Irun erori eta aste bete beranduago, Mola generalaren tropak Donostiara sartu ziren. Hegazkinek hogei aire-erasoaldi inguru burutu zituzten frankistei Gipuzkoako hiribururako bidea zabaltzeko.
Bonbardaketak Gabonak amaitu arte luzatu ziren. Baina baldintza klimatikoek gerrarekin jarraitzea zaildu zuten. 1937ko martxoaren 31an frankistek Bizkaiko ofentsiba handiari ekin zioten. Handik aurrera euskal lurraldeak hegaka zeharkatu zituzten hegazkin eta pilotu gehienak italiarrak eta alemaniarrak izan ziren. Condor Legioko Junkers erako hegazkin bonbardatzaileak eta Heinkel He51 ehiza-hegazkinak Italiako Aviazione Legionaria delako Savoia-Marchetti bonbardatzaileekin eta Fiat Cr.32 ehiza hegazkinekin batera egin zuten hegan. Hauek guztiak, Gasteizko aerodromotik aireratzen ziren, frankisten tropei laguntza emanez.
1936ko apirilaren 26an, Gernikara zuzendu ziren hegazkinak. Hileko azken astelehena zen, merkatu eguna. Gainera, askok Gernikako bidea erabili zuten euren ebakuaziorako. Frankistak atzetik zeuzkaten. Hala, herria jendez gainezka zegoela, bapatean, arratsaldeko 16:20 aldera, 800 metrotako altueran, 59 hegazkin agertu ziren, erasorako formazioa mantenduz. Pilotuak Wolfram von Richthofen nazi famatuaren aginduetara zeuden. Hiru ordu pasa aritu ziren Gernika bonbardatzen. Guztira 41 tona lehergailu eta bonba su-eragile jaurtiki zituzten alde zaharraren gainean. Sarraskiaren ostean Gernikara iritsi zen lehendabiziko kazetaria Noel Monks izan zen, Londreseko Daily Express egunkariarentzat lanean ziharduena. Han ikusi zuena “infernua” bezala deskribatu zuen. Diktaduran zehar, frankisten eskoletan Gernika “gorriek” erre zutela irakatsiko zen.
Behin Gernika guztiz txikitu ostean, tropa frankistek Bilbo inguratu zuten. Hiriak setioari hilabete eta erdiz eutsi zion. 1937ko ekainaren 11 eta 19 bitartean soilik, Bilbo 22 aldiz erasotu zuten airez. Ekainaren 19an, tropa frankistak hirira sartu ziren, eta Euskal Herrian errepublika defendatzen ari zirenen antolamenduari behin betiko kolpea eman zioten.
Baina bonbardaketek gerra iraun bitartean jarraitu zuten, abuztuaren bigarren astera arte. Guztira, 13 hilabetetan, 40.000 bonba inguru jaurti zirela kalkulatzen da. Bonbardaketen 90% frankisten bandoak eta euren aliatuek gauzatutakoak izan ziren.
UB / MJV