Euskal Gudarien desfilea Bilbon
Repository: Euskadiko Artxibo Historikoa - Archivo Histórico de Euskadi
Source:
Source: Euskadiko Artxibo Historikoa/Archivo Histórico de Euskadi: Colección Instituto Bidasoa Bilduma- Fondo Luis Ruiz de Aguirre Funtsa, "Sancho de Beurko", 989 / N1_24_D5H24-D5.
VSCW contributors: AI / UB / MJV
Extent: 1 item
43.263, -2.935
Eusko Gudarostea (Euzko Gudarostea jatorriz) 1936ko urrian sortu zuen Euskal Gobernuak. Antolamendu militar honen aurrekariak, hain zuzen, uztailaren 18ko kolpe estatuan parte hartu zutenei aurre egiteko sortutako mobilizazioetan aurkitu daitezke.
Matxinadari erantzuteko, alderdi politiko eta sindikatu ezkertiar zein anarkistek eta baita ANVko kideek ere, kolpea geldiarazteko miliziano-taldeak antolatu zituzten. Milizianoen lehen zutabeak, Estatuko segurtasun indarren gidaritzapean Gipuzkoa eta Arabako borroka-fronteetara abiatu ziren. Bertan parte hartu zuten, besteak beste, guardia zibilak, eraso-guardiek, karabineroek, miñoiek edo mikeleteek, guztiak, errepublika defendatzeko jarrera bertsua erakutsiz. Hala, lehendabiziko zutabe hauen osaketa oso heterogeneoa zela baieztatu daiteke.
Boluntario hauen ahaleginak ezin izan zituen matxinatuak geldiarazi, hobeto trebatutako eta arma hobeagoak zeramatzaten soldadu gehiago baitzituzten. EAJk hasiera hasieratik bat egin zuen errepublikaren defentsara, nahiz eta, egia esan, bere miliziak 1936ko urrira arte borrokara batu ez. Zenbait egilek diotenaren arabera, Autonomia Estatutua onartzea eta Eusko Jaurlaritza sortzea erabakigarriak izan ziren EAJ-ren miliziak gerran sartu zitezen. Teoria hauen aurrean, beste zenbait historialarik defendatzen dutenez, euskal indar nazionalistek ez zeukaten nahikoa indar eta formazio egokirik matxinoei aurre egiteko eta beraz, lehendabizi gudariak gerrarako prestatu behar izan zituzten.
Kontuak kontu, lehendabiziko Euskal Gobernuaren sorrerak bultzada erabakigarria suposatu zuen Eusko Gudarostearentzat. Izan ere, urriaren 18tik aurrera hainbat kinten mobilizazioari ekin zitzaion. Miliziano boluntarioek osatutako indar honi 12.000 eta 15.000 soldadu artean gehitu zitzaizkion gero. Hilabete hartako 25ean, Euskal Gobernuak miliziak militarizatu zituen, ofizialki Euzko Gudarostea osatuz. 1936ko abendua eta 1937ko maiatza bitartean, kinto gehiago mobilizatzen jarraitu zituen.
Defentsa kontseilaria Agirre Lehendakaria bera izan zen eta horrek, Eusko Gudarostearen azken arduraduna ere berau zela adierazten du. Modesto Arambarri aldiz, Bilboko Udal-guardiaren burua, ekintza militarren buru izendatu zuten eta Alberto Montaud ingeniarien teniente koronela, Estatu Nagusiaren buru.
1936 eta 1937 bitartean, Eusko Gudarostearen oinarrizko unitatea batailoia izan zen. Batailoi hauek erakunde politiko edo sindikatuei lotuta egon ziren. Euskal Gobernua osatzen zuten erakunde alderdi eta sektore guztiek onartu zuten egituraketa hau, euren kideen arteko kohesio politikoa bermatzen zuelako. Batailoi bakoitza, 650 gizonek osatzen zuten.
1937ko apirila arte, batailoiak atal militarrez osatu ziren, gerrako fronte ezberdinetan banatu zirelarik. Egituraketa honek, nagusiki, frontea egonkor mantentzen zen momentuetarako balio zuen eta ondorioz, 1937ko martxoaren amaieran frankistek abiatu zuten ofentsibaren ostean, Eusko Gudarostea berregituratu beharrean aurkitu ziren. Orduan, Batailoiak brigadetan antolatu ziren eta brigadak, dibisioetan.
1937ko ekainaren 19an Bilbo galtzea Eusko Gudarostearentzat kolpe latza izan zen. Azkenean, 1937ko abuztuan ia kide guztiak Santoñan errenditu ziren.
AI / UB / MJV