Euskal Gobernua
Repository: Euskadiko Artxibo Historikoa - Archivo Histórico de Euskadi
Source:
Source: Euskadiko Artxibo Historikoa - Archivo Histórico de Euskadi.
Fondo/Funtsa: Colección Instituto Bidasoa Bilduma– Fondo Luis Ruiz de Aguirre Funtsa, “Sancho de Beurko”. Sección/Atala: Fondo Fotográfico/Argazki Funtsa. Signatura: 1619 / N1_39_D4H39-D4.
VSCW contributors: FMR / UB / MJV
Date Created: 1936-10-07
Type: Photograph
Extent: 1 item
43.263, -2.935
Irudiak 1936ko urriaren 7an Gernikako Juntetxean ospatutako Euskal Gobernu autonomoaren osaera erakusten du. Lehendabiziko Gobernu honen eraketa errepublikako Gorteek 1936ko urriaren 1ean, Gerra Zibila hasi ondoren, Autonomia Estatutua onartu ostean egin zen posible. Finean, altxamendu militarrak Estatutua onartzeko prozesua azkartu zuen. Horrela, EAJk matxinatuei aurre egiteko errepublikarekin hartu zuen konpromezua bermatu zen.
Argazkiak, aipatu Euskal Gobernuaren osaera hori erakusten du. Kontzentrazio-gobernu bezala eratu zen, errepublikaren aldeko indar politiko guztiek babestua: EAJko euskal nazionalistez gain, Fronte Popularrean elkartu ziren ezkerreko hainbat alderdi ere bildu ziren. Gobernua EAJk zuzendu zuen, Jose Antonio Agirre Lehendakariaren gidaritzapean. Horrez gain, Defentsa sailburua ere berau izan zen. Agirreren lehendakaritza, gerra egoeraren ondorioz, Bizkaiko eta Gipuzkoako zenbait herritako udal ordezkarien babesarekin aldarrikatu zen.
Irudiaren lehendabiziko lerroan, ezkerretik eskuinera, aipatu euskal gobernuko kide hauek ageri dira: Telesforo Monzón (Gobernazioa, EAJ), Jesús María Leizaola (Justizia eta Kultura, EAJ), Alfredo Espinosa (Osasungintza, Union Republicana), Heliodoro de la Torre (Ogasuna, EAJ), José Antonio Aguirre (Lehendakaria eta Defentsa, EAJ), Juan de los Toyos (Lana, Aurreikuspen eta Komunikazioak, PSOE), Santiago Aznar (Industria, PSOE), Juan Astigarrabia (Herri Lanak, PCE), Gonzalo Nárdiz (Nekazaritza, Eusko Abertzale Ekintza), Juan Gracia (Gizarte Laguntza, PSOE) eta Ramón María Aldasoro (Merkataritza eta Hornikuntza, Izquierda Republicana).
Euskal Gobernuak Bizkaiko lurraldean baino ezin izan zuen aginpidea garatu (Araban estatu-kolpea gailendu zen eta Gipuzkoa matxinatuen eskuetan erori zen 36ko udan). Guztira 9 hilabete eskas iraun zituen zutik, 1937ko ekainean Bilbo erori zen arte. Hala ere, euskal lurralde autonomoaren sinbolo bihurtu zen, gerraren ezohiko egoerak bultzatuta, ia modu independentean Estatu gisa jardun baitzuen. Urriaren 7an bertan egindako lehen adierazpenean, gobernu berriak jarraituko zituen ildo nagusienak azpimarratu zituen: eskubide eta askatasun demokratikoak bermatzea, erlijio-askatasuna barne; jadanik martxan zeuden milizietan oinarritutako benetako euskal armada sortzea; ordena publikoa eta legearen aplikazioak bermatzea; justizia sozialeko politika garatzea; euskal nortasuna babestea. Hala, adibidez, lurralde autonomoetan ez zen jazarpen erlijiosorik ezta saiakera iraultzailerik ezagutu. Aitzitik, kultu katolikoari eutsi zitzaion eta ordena publikoa kontrolatu zen, nahiz eta salbuespen larri batzuk gertatu: hala nola, Bilbo bonbardatu ostean 1937ko urtarrilaren 4an miliziano ezkertiarrek hiriko kartzelen aurka eraso egin eta 225 preso eskuindar akabatu zituzten.
Frankismoa abiatu zenean, euskal gobernuak erbestean jarraitu zuen. Diktaduraren aurkako hainbat indar elkartzeko gunea bilakatu zen eta gerraostean, oposizioa erregimenaren aurka mobilizatzen saiatu zen. 1950eko hamarkadatik aurrera, diktadura nazioartean sendotu ahala, euskal gobernuaren jarduera makaltzen joan zen.
FMR / UB / MJV