Aztarna (Euskal Gudariei eskainitako monumentua)
Creator: Novella, Juan José
Repository: Colección privada Jon Penche
Date Created: 2006
Type: Monuments
Extent: 1 item
43.27453, -2.92169
Espainiako gerra zibilak 20.970 biktima utzi zituen Euskal Herrian. Horietatik bi heren matxinatuek eragindakoak izan ziren. 1936ko uztailetik 1937ko abuztua bitartean luzatu ziren 13 hilabetetan zehar, 100.000 euskaldunek erbestera ihes egin behar izan zuten. Horien artean, 40.000 ume inguru egon ziren.
2005ean Amnistia Internazionalak egindako txosten batek aipatzen zuenez, frankismoaren biktimen erreparaziorako eskubidearen alde espainiar Estatuan ez zen benetako estatu politikarik gauzatu.
Euskal Herrian egoera ez zen oso ezberdina izan. Auziaren inguruko lehendabiziko arautegia frankismoaren biktima batzuei babes ekonomikoa ematera bideratu zen. Lehendabiziko legea, adibidez, 1983an kaleratu zen, eusko legebiltzarra osatu eta hiru urte beranduago. Lege hartan, euskal administrazioko goi karguak eta 1936an eratu zen euskal gobernuko kideak eta euren hurbilekoak bakarrik aitortu ziren biktima bezala.
Frankismoaren biktimen inguruko politika publikoetan aldaketa milurteko berriarekin batera gertatu zen. Herritarren mobilizazio ezberdinak eta memoriaren aldeko elkartek egindako lana, oso garrantzitsuak izan ziren politikoak frankismoaren biktimen egoeraz jabetu zitezen. 2002ko azaroan kaleratu zen dekretu autonomiko batek, aurreneko aldiz jaso zuen, edozein diru laguntzak ezingo ziela sekula biktimei eta euren familiakoei errepresioaren ondorioz galdu zutena itzularazi, ez eta askatasunaren alde eman zuten guztia onartu ere.
2004an, Eusko Jaurlaritzaren eta Aranzadi Zientzia Elkartearen arteko akordio batek, gerran zehar desagertutako pertsonen lokalizazio eta identifikazioak azkartu zituen. Deshilobiratzeek sortu zuten itxaropenak biktimen sufrimendua hobeto ezagutu eta zabaltzen lagundu zuten. 2022 arte, ia 50 desobiratze arrakastatsu gauzatu ziren euskal autonomia erkidegoan.
2005ean, Eusko Jaurlaritzak Giza Eskubideen errespetuan oinarritutako Bakerako eta Adiskidetzarako Plan Integrala iragarri zuen. Bertan, Frankismoaren biktimek erreparazioa behar zutela zioen adierazpen zehatz bat jaso zen. Planak gainera, euskal gizartea biktima hauekin “zorretan” zegoela aipatzen zuen.
Plan berriak ekitaldi publikoak eta adiskidetzerako ekitaldiak ospatzeko beharra jasotzeaz gain, ondare historikoaren berreskurapena eta biktimei eskainitako monumentuen inaugurazioak sustatzea proposatzen zuen, beste zenbait ekintzen artean. Horren ondorioz eraiki ziren eusko gudarostea omentzen duen Artxandako Gudariei eskainitako monumentua (2006), Matxitxako guduan parte hartu zuten itsasgizonen omenez altxatutakoa (2007), edota Intxortako guduan zehar erresistentzia mantendu zutenak gogoratzen dituena (2007).
2007ko Memoria Historikoaren Legeak eskainitako bultzadaren ostean, memoriaren politika publikoek 2014an ezagutu zuten benetako aurrerapausoa. Eusko Jaurlaritzak Gogora, Memoria, Bizikidetza eta Giza Eskubideen memoria institutua sortzeko legea adostu zuen. Ordutik aurrera, institutua erreferentzia bihurtu da gerraren eta diktaduraren inguruko ikerketa eta errekonozimendu gaietan.
UB/ MJV