Bilboko Uretamendi auzoko txabolak. Ca.1959
Repository: Bilboko Udal Artxiboa - Archivo Municipal de Bilbao: Ayuntamiento de Bilbao
Source:
Source: Bilboko Udal Artxiboa - Archivo Municipal de Bilbao: Ayuntamiento de Bilbao, 732338. 01_002756
Date Created: 1959
Extent: 1 item
43.24802, -2.94949
Duela gutxi arte, Euskal Herria emigrazio herria izan da. Bertan jaiotako asko emigratzera derrigortuak aurkitu ziren, hirietara, edo beste erreinu batzuetako kolonia eta lurraldeetara. Momentu haietan bizi zituzten baldintza kaxkarrek eta pobrezia egoerek bultzatuta gertatu ziren, aipatu emigrazio mugimendu hauek.
XIX. mendearen azken laurdenetik, ordea, prozesu hori irauli egin zen. Hau da, Euskal Herrian eta batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan, ez zen biztanleriaren erbesteratze masiborik ezagutu, baizik eta kontrako fenomenoa nabarmendu zen: gero eta etorkin gehiago iritsi ziren Euskal Herrira.
Testuinguru berri honek eragin zuzena eduki zuen zenbait aspektutan, baina deigarriena agian, etxebizitza eskasia izan zen. Hiri eta herri txiki batzuk, erdigune txiki samarrak zituztenak, ia gauetik goizera milaka langilek lan egiten zuten meategi, lantegi eta tailerrez inguratuta esnatu ziren. Honek, langile guzti hauentzat eta euren familientzat etxebizitzen beharra ekarri zuen. Gerra Zibilera arte, egoera horri nolabaiteko erantzuna eman zitzaion, lantegi eta tailerren inguruetan biztanleria-dentsitatea handitu eta auzoak sortu baitzituzten. Izan ere, zenbait enpresa euren langileentzako etxebizitzak eraikitzeaz arduratu ziren.
Baina 1940 hamarkadaren amaieratik aurrera, eta hurrengo hamarkadan zehar, argi eta garbi, egoerak gainezka egin zuen. 1950 eta 1960 bitartean, Bizkaian 185.195 biztanle gehiago zenbatu ziren. Alegia, probintziak %32ko hazkundea ezagutu zuen. Bilbo ez ezik, Espainiako hiri handiak ere, Madril edota Bartzelona kasu, txabolez osatutako auzoz inguratu zituzten (ez da kasualitatea, “chabola” terminoa euskaratik eratorritako terminoa izatea: etxetxoa edo etxola esan nahi du).
Bilbok eta inguruek ezagutu zuten hazkunde demografiko handiaren ondorioz, etxebizitzen zonaldea asko hazi zen. Baina hala ere, ez zen nahiko izan. Etorkin berriek, etxebizitzarik ezean, eurena eraikitzeko beharra eduki zuten. Etxebizitza hauek, hasieran, tokian tokiko materialak erabiliz altxatu zituzten, egun batetik bestera, eta poliki poliki, etxebizitza xumedun auzoak osatzen joan ziren, gero eta material egokiagoak erabiliz.
Txabola horien arazo nagusienak, Bilboko kasuan adibidez, txabolok kokatzen ziren orografiak eragindakoak izan ziren. Madrilen, esaterako, hiri laua izanik, auzo horiek ez ziren nabarmentzen baina Bilbon, aldiz, hiria inguratzen zuten mendien magaletan gora txabola auzo asko begi bistan geratu ziren: Banderas, Peñascal, Monte Caramelo, Uretamendi... 1955. urtean 842 txabola zenbatu zituzten Bilbon. 1961ean ia 5.000.
Egoera tamalgarri hari irtenbidea emateko, Frankoren Gobernuak etxebizitza-programak abiarazi zituen. Helburua, txabola horiek desagerraraztea zen. Horren ondorioz etorri ziren, besteak beste, auzo berrien egituratzeak; adibiderik ezagunena agian, “Otxarkoagako Herrixka” izan daiteke, arazoa egun batetik bestera konpondu nahi izan baitzen. 1960ko maiatzetik 1961eko ekainera bitartean, 3.600 etxebizitza zituen auzoa eraiki zuen diktadurak, eta txabolaz osatutako auzoak goitik behera eraitsi zituzten. Hustutako txabolen auzo horiek ez ziren periferiakoak bakarrik, hiriaren erdigunean ere halako txabolak ezagunak baitziren, adibidez, gainbeheran etorritako portuaren inguruan, gaur egun Bilboko Guggenheim Museoa dagoen orubean, halakoak ikusi zitezkeen. Etxebizitza berri horiek ordea, arazoari itxurakeriazko konponbidea emateko irtenbidea izan ziren, eta ez hainbeste, benetako etxebizitza arazoari emandako erantzuna.
EAO/UB/MJV