Mausoleo Kripta, Bilbo
Repository: Colección particular Mikel Urquijo
Date Created: 1938-09-25
Type: Monuments
Extent: 1 item
43.263, -2.935
Gerra zibilaren oroimenak, eta bereziki gerran hildakoenak, oinarrizko papera jokatu zuen erregimen frankistaren ideologia antolatzerako orduan. Agintari frankistek "Espainia Berriaren" mugarritzat hartu zuten uztailaren 18a.
Gatazkaren biktima batzuk gogoratzearekin batera, errepublikanoen artean hildakoen oroimena isilarazi eta ezabatu egin zuten. Handik aurrera, hildako horiek ez ziren existitu.
Gerraren memoria berezitu hori monumentuen sorreran, kale-izendegiaren aldaketan, ikastetxe, ospitale edota beste eraikin publiko batzuen izenetan eta jai eta oroitzapen egutegiaren bitartez antolatu zuten.
Gerra amaitzeko itxaron gabe, agintari frankista berriak monumentuak eraikitzen hasi ziren, "Jainkoari eta Aberriari beren bizitzaren zerbitzua eskaini zietenak" oroitzeko. Garaipenari omenaldia egiten zioten beste eraikin batzuekin batera, Espainia osoa memoria-lekuz bete zuten "Jaungoikoaren eta Espainiaren alde eroritakoak" oroitzeko.
Euskal Herrian, borrokan hildakoei eskainitakoen gainetik batez ere, “martiriei” eskainitako monumentuak nabarmendu ziren, alegia, errepresioaren biktima izan ziren zibilei eskainiak.
Frankisten hegazkinek 1936an eta 1937an Bilbo bonbardatu ondoren, mendeku gisa, hainbat eraso burutu zituzten Bilboko espetxeetan, ideologia eskuindarra zeukaten 300 preso baino gehiago erail zituztelarik. Preso horien artean, zenbait buruzagi politiko garrantzitsu eta euskal elite sozial eta ekonomikoko kide aurkitzen ziren.
Matxinatuek Bilbo konkistatu eta hamabost egunera, Udal berriak “Jainkoari eta Aberriari beren bizitzaren zerbitzua eman zietenei, gure herriaren saminerako gauzatu diren hilketa ugarien martiriei” ohore egiteko monumentua eraikitzea adostu zuen. Horretarako, “Derioko hilerrian eraikiko zen Mausoleo batean, gorri-separatisten agintaldian zehar eraildako guztien gorpuak" biltzea proposatu zen. 1938ko irailaren 25ean inauguratu zuten aipatu Mausoleoa. Inaugurazioan Industria ministroak hartu zuen parte. Gero, irailaren 25ean eta urtarrilaren 4an meza ospatzea erabaki zuen Udalak, Udalbatza bertan zela, “martirien arimak salbatzearen alde”.
Hala, diktadura osoan zehar, Udalak urtero meza bat antolatu zuen hilerriko Mausoleoaren Kriptan eta requiem-meza bat Katedralean, “martirien” omenez.
Demokraziaren garaian Udalak ez ditu meza hauek gehiago ospatu eta Mausoleoko inskripzioak kendu ditu, nahiz eta eraikuntza bere horretan mantendu.
MU/ UB/ MJV