Gurseko kontzentrazio esparrua (Frantzia)
Repository: Département des Pyrénées-Atlantiques - Archives départementales
Date Created: 1939
Type: Concentration camps
Extent: 1 item
43.27165, -0.7394
1939.urtea amaitu aurretik, 6.555 euskaldun igaro ziren Gursetik. Aurreko urtean, 1938an, Frantziako agintariek Ekialdeko Piriniotako Departamentuan internamendu zentroetan zeuden errefuxiatuak berrantolatu zituzten. Haien artean egon ziren Gernika Berriko euskaldunak ere. Hauek guztiak, Gurseko euskaldunen esparrura garraiatu zituzten, hain zuzen, Soule-Ziburuko euskal probintziarekin muga egiten duen Piriniar Atlantikoko departamentura. Lehendabiziko euskaldunak apirilaren 5ean iritsi ziren. Gurs, 15.000 lagun jasotzeko prestatua zegoen baina 18.500 errefuxiatu edukitzera ailegatu zen.
Gursek bi sarrera eduki zituen, esparrua bitan banatzen zuen kilometro luzeko errepidearen bidez konektatua zeudenak. 400 metroko zabalera hartzen zuen. Erditik igarotzen zen ardatzaren bi aldeetan uharte itxurako 13 eremu eraiki zituzten, guztira 328 barrakoi altxatzeko. Eremu hauetako bakoitza burdinazko hesi batez inguratua zegoen. Euskaldunak lehendabiziko lau eremutan pilatu zituzten, A hizkitik D hizkira bitartekoetan. Espazio hauetako bakoitzak garbitokia, sukaldea, komunak, zigor-gela bat eta osasun-material gutxi eduki ohi zituen erizaindegia zeuzkan. Euria hasten zenean, barrakoien lurra lokaztu egiten zen, barruan biltzen ziren 60 lagunen bizi baldintzak asko txartzen zirelarik. Garbitasun arazoek eta beroki eskasiak, zorrien ugaritzea eta sifilisa, hazteria edota eskorbutoa bezalako gaixotasunak zabaltzea ekarri zuen.
Euskal Gobernuak eta beste zenbait erakunde publikok eta nazioarteko elkartek lan handia egin zuten errefuxiatuak esparrutik ateratzeko. Alemaniak Polonia inbaditu zuenean, adibidez, milaka lagun atera zituzten Gursetik. Haietako batzuk aberriratuak izan ziren berriro, baina beste askok, diktadura frankistak zigortuko zituela beldur, erbestera ihes egin zuten. Asko eta asko, itsasoz beste aldera. Hala, 1940ko urtarrilean, 200 euskaldun bakarrik geratzen ziren Gursen.
1940 maiatza ondoren, Europako errefuxiatuak esparrura bidaltzen hasi ziren berriro. Nazien izugarrikerietatik ihesi zihoazen juduez gain, beste 800 “euskal emigrante politiko” ere preso hartu zituzten bertan. Orduan, Gurseko historia askoz ilun eta lazgarriagoa bihurtu zen. Adituen arabera, Gursetik nazien hilketa esparruetara 14.000 preso inguru eraman zituzten. Hemen, oraindik zehaztu gabe dauden ehundaka euskaldun ere zenbatu behar dira.
1943ko azaroan, makien talde batek Gurs erasotu eta bertan gordetzen zuten arma biltegian lapurreta egin zuen. Horrek ordea ez zuen oztopatu Vichyren Gobernuak mota guztietako “jendilajea” espetxeratzen jarraitu zezan. 1944ko udatik aurrera, Gurs aliatuek atxilotzen zituzten soldadu naziak espetxeratzeko lekua bihurtu zen. 1945eko abenduaren 31an, agintariek behin betirako esparrua ixtea erabaki zuten.
Handik gutxira, esparrua erabat desegin zuten, gertatu zenaren arrastorik geratu ez zedin. 1980ko ekainean, esparrua ireki eta 50 urteurrena igaro ostean, Gurseko esparruaren lagunen elkartea osatu zuten (L’Amicale du Camp de Gurs). Ordutik, elkarte honek Gursen gertatu zenaren historia eta memoria bizirik mantentzeko lanean dihardu
UB / MJV