Bizkaiko Aldundiak abian jarritako depurazio expedientea
Creator: Diputación Foral de Bizkaia/Bizkaiko Foru Aldundia
Repository: Archivo Histórico Foral de Bizkaia/Bizkaiko Foru Agiritegi Historikoa
Date Created: 1936
Type: Government files
Extent: 1 item
43.263, -2.935
Gerra Zibilean eta ondoren ezarri zen diktadura frankistan zehar matxinatuen jarduera nagusietako bat "Mugimendu Nazionalari desafio" egin edo "Espainiaren etsai" izan ziren ororen aurka errepresio sistematikoa gauzatzea izan zen. Errepresio frankista hau uztailaren 18an bertan hasi zen, eta modu ezberdinetara eraman zuten aurrera, kolpisten unean-uneko interesei erantzunez. Ezagunena errepresio fisikoa da: prozesu judizialik gabe edo haren simulazio baten ondoren gauzatutako erailketa, kartzela, eraso fisiko, akain-belarra erabilita egindako umiliazio, emakumeei ile mozketa eta deserriratzeak adibidez. Horrez gain, errepresio ekonomikoa eta administratiboa ere gauzatu zuten ondasunak konfiskatuz eta lan depurazioak burutuz.
Depurazioa prozesu politikoa izan zen, "aurkaritzat" jo zitezkeen pertsona guztiak Administraziotik kaleratzera bideratua. Matxinatuek autoritarismo ariketa krudela eraman zuten aurrera, "alderantzizko justizia" baten bidez: oinarri juridiko irmorik eta zilegitasun politikorik gabeko baina zilegitasun militar osoa zeukaten agintarien eskuetan utzita, Espainiako Bigarren Errepublikari eta agintari demokratikoei leial mantendu zitzaizkien milaka pertsona ikertu eta erreprimitu zituzten.
Agintari frankistek Estatu Berri bat eraiki zuten eta, horretarako, beren ideiekin "abegikor" zirenek bakarrik lan egin ahal izango zuten. Hala izan zedin, langile publiko guztiak ikertu zituzten, diktadurarekiko mantentzen zuten leialtasuna egiaztatuz.
Depurazio frankista Estatuaren menpeko langile guzti-guztietara hedatu zen, hala nola Guardia Zibilera, karabineroengana, Aduana, Posta eta Telegrafoetako langileengana, irakaskuntzara edota ministerioetako langileetara. Foru Aldundietako langileek ere sufritu zuten depurazio prozesu hori, bai eta udalen mende zeudenek ere.
Depurazio-prozesu hauek nolabaiteko "lege-araudiaz" itxuratu zituzten gerra garaian. Horretarako publikatu zituzten, besteak beste, 1936ko irailaren 13ko Defentsa Batzorde Nazionalaren 108. Dekretua, 1936ko abenduaren 3ko Estatuko Batzorde Teknikoaren 93. Dekretua eta 1939ko otsailaren 10eko Funtzionarioak Depuratzeko Legea.
Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian egindako depurazioei dagokienean, oraingoz jakin denaren arabera, agintari frankistek purgatu zituzten 15.105 langile publiko identifikatzeaz gain, beste milaka kargugabetu, zigortu edo degradatu zituzten.
Frankistek Bizkaian egindako depurazioak sakon aztertu dira eta horri esker, jakina da adibidez, udal-langileen artean gutxienez 2.050 kargugabetu zituztela (%52,63). Beste 507 (%13,02) zigor desberdinekin zigortu zituzten eta 1.092 (% 28,04), berriz, inolako zigorrik gabe berriro karguan ezarri zituzten. Kargutik kendutako langile gehien zituen udaletako bat Bilbo izan zen eta bertan, langileen % 58,57 kanporatu zuten.
Bizkaiako Diputazioari dagokionean, 497 langile, langile guztien %42’05, prozesuaren ostean kanporatuak izan ziren.
AI