Euskal gazte nazionalistak exekutatuko zituzten lekura eramaten
Repository: Euskadiko Artxibo Historikoa - Archivo Histórico de Euskadi
Source:
Source: Euskadiko Artxibo Historikoa-Archivo Histórico de Euskadi: Colección Instituto Bidasoa Funtsa- Fondo Luis Ruiz de Aguirre Funtsa, "Sancho de Beurko", N1_46_F6H46-F6
Type: Photograph
Extent: 1 item
42.99118, -2.5543
1937ko ekainaren 19an tropa frankistek Bilbo hartu zuten eta hurrengo asteetan Bizkaiko mendebaldeko gainerako lekuak bereganatu zituzten. Horrek errepresio frankistaren hasiera markatu zuen lurralde historikoan. Ekainaren 20an bertan, probintzian gerra-egoera agindu zen, eta 1936ko uztailaren 18tik aurrera egindako delitu guztiak urgentziazko prozesuen bitartez kudeatu ziren.
Bizkaian, beraz, Araban eta Gipuzkoan ez bezala,1937ko ekainerako erregimen berriak ondo antolatuta zegoen jazarpen politiko eta soziala bideratu zuen, horretarako espreski sortutako legediaren bitartez.
Bilbo hartu eta hurrengo hilabeteetan zehar, epaitegi frankistek berebiziko jarduera eraman behar izan zuten aurrera, milaka eta milaka auzi ebazteko. Ia 15.000 espediente ebatzi ziren lehendabiziko 6 hilabeteetan zehar.
Milaka pertsona atxilotu zituzten, ez bakarrik armak utzi edota ardura politikoei uko egin zien gudari eta milizianoak, baizik eta erantzukizun politiko, sindikal edo sozialengatik susmagarriak ziren guztiak espetxeratzen saiatu ziren. Euren aurka ezarri ziren salaketa eta akusazioak egiaztatu arte, egunak, asteak edota hilabeteak igaro zitzazkeen linbo juridiko batean harrapatuta geratzen ziren. Salaketak egiazkoak zirela erabakitzen zenean, Gerra Kontseiluak abiarazten zituen diktadurak. Akusatuak espetxetik Auzitegiko areto batera eramaten zituzten han, inolako berme prozesalik gabe epaituak izan zitezen. Espetxera itzulita, epaiaren erabakia jasotzeko zain geratzen ziren. Erabaki hau, normalean, zegokien kartzelako agintarien bidez iristen zen.
Exekuzioak, normalean, eguzkia atera orduko gauzatzen ziren. Hiltzera kondenatutako presoa bere ziegatik kaperara eramaten zuten, eta han jaunartzea eta aitorpena jasotzen zituen. Gero, agur gutunak idazteko aukera eskaintzen zioten. Azkenik, Vista Alegreko hilerrira eramaten zuten, exekuzio-pikete baten aurrera.
Are amaiera krudelagoa jasan zuten garrotearen bitartez exekutatzen zituztenek. Jakina denez, Erdi Aroan aplikatzen zen zigor sistema zen hau, burdinazko koilarean sartzen zen kirtena presoaren lepa-hezurra hautsi arte estutzen zelarik. Zigorra Larrinagako espetxeko patioan bertan gauzatzen zen, gainerako presoen ikara eraginez.
Bilbon, gerra kontseiluz 506 pertsona exekutatu zituzten. Gehienak aipatu hiriko Vista Alegre hilerriko hormetan fusilatu zituzten, baina horietatik gutxienez 35, Bilboko Probintzia Espetxean erahil zituzten, garrote bidez.
Aipatu bostehundik gora fusilamendu edo garrote bidez erahildako horietatik 294, 1937an gauzatu ziren. Erailketa gehienak abenduaren erdialdean eraman zituzten aurrera. 1938an 100 pertsona exekutatu zituzten, 1939an 28, eta 1945era bitartean, beste 34.
2022an, Eusko Jaurlaritzak memoria-leku gisa identifikatu zituen exekuzioak gauzatu ziren horma hauek.
JP / UB / MJV