Santurtziko portutik erbestera
Creator: Ruiz de Aguirre, Luis
Repository: Euskadiko Artxibo Historikoa - Archivo Histórico de Euskadi
Source:
Source: Euskadiko Artxibo Historikoa-Archivo Histórico de Euskadi: Colección Instituto Bidasoa Bilduma- Fondo Luis Ruiz de Aguirre Funtsa, "Sancho de Beurko", Gudari nº 11 07-06-1937, 1127 / N1_27_F5H27-F5
Date Created: 1937-06-07
Type: Photograph
Extent: 1 item
43.32875, -3.03188
1937ko hasieran gerra asko gogortu zen Euskal Herrian. Tropa frankisten aurrerakadak eta gainontzeko probintzien okupazio azkarrak ordura arte ezagutu gabeko populazio mugimendu handia eragin zuen. Gehienak, Bizkaiara bideratu ziren, gerratik ihesi, babes bila, frankistek okupatu ez zuten probintzia bakarra berau baitzen.
Matxinatuen ejertzitoak Bizkaiko populazioarengan gauzatutako eraso indiskriminatuen ostean, eta batez ere 1937ko urtarrilean Bilboren aurka bideratutako bonbardeketen ondoren, Euskal Gobernuak familiei deia luzatu zien: hala iruditzen zitzaien familietako 5 eta 12 urte bitarteko haurrak ebakuatzeko aukera eskaini zitzaien. Hala populazio zaurgarriaren ebakuazioa, 1937ko martxoan hasi zen, Frantzia lehendabiziko helmugatzat hartuta. Horretarako, gehien erabili zituzten portuak Ondarroa eta Bermeokoak izan ziren. 1937ko udaberrian, frankistek Durango eta Gernika bonbardatu ostean, Euskal Gobernuak Erresuma Batuko, Frantziako, Belgikako, Mexikoko eta Sobietar Batasuneko gobernuekin negoziazioak abiatu zituen. Helburua, Euskal Herriko umeak tokian tokiko errefuxiatu bezala jaso zitzaten adostea. Ebakuazio prozesu hauen protagonistetako bat Leah Mamming ingeles erizain eta politikaria izan zen. Erresuma Batuko gobernuarekin tramiteak bizkortzea lortu eta berari esker 3.840 ume ebakuatu baitzituzten.
Ume euskaldunen ebakuaziorik handienak Santurtziko portutik bideratu zituzten. Bertatik, 17 espediziotan, gerra garaian Euskal Herritik abiatu ziren ia 38.000 umeetatik gehiengoa atera zuten. Frantziara bidea hartu zuen lehendabiziko espedizioa, aipatu Santurtziko portutik 1937ko maiatzaren 6an atera zen. Errefuxiatuek, gero hainbat alditan erabiliko zituzten bi itsasontzitan egin zuten ibilbidea, Habana baporea eta Goizeko Izarra ontzia. Biak hala biak, Sota familiaren jabetzakoak ziren.
Umeen garraioa Euskal Gobernuko Zerbitzu Sozialekin koordinaziopean gauzatu zen, eta bolondres ugariren laguntza ezinbestekoa bihurtu zen. Bidaia bakoitzean, bolondres talde batek lagundu zituen umeak. Bolondres hauetako gehienak, irakasleak edo Emakume Abertzale Batzako kideak izan ziren. Familiako kideek ezin izan zuten euren seme-alabekin joan eta ume hauek eraman ahal izan zituzten ondasun eta arropak, gutxi izan ziren. Behin helmugako portuetara iritsita, euren egonaldirako prestatuta zeuzkaten lekuetara eramaten zituzten.
Santurtziko portutik euskal errefuxiatuekin atera ziren azken ontziak Santanderrerako bidea hartu zuten. Bilbo erortzear zegoela ikusirik, populazioaren gehiengoa aldameneko probintziara mugitu zen, Frankoren tropak igarotzen ziren lekuetan eragiten ari ziren bortizkeriari ihesi. 1937ko ekainaren 16an atera ziren Santurtziko portutik azken ontziak.
MJV/UB