Ospitale militarrak
Repository: Archivo del Museo Vasco de Historia
Source:
VSCW contributors: AI / UB / MJV
Date Created: 1937
Type: Maps
Extent: 1 item
42.99118, -2.5543
Euzkadiko Osasun Militarra Euskal Gobernua eratu eta berehala sortu zuten, 1936ko urriaren 13an. Defentsa sailari atxikita egon zen eta, beraz, arduradun nagusia José Antonio Aguirre Lehendakaria bera izan zen. Hala ere, egiteko ezberdinak aurrera eramaterako orduan, autonomia handiarekin funtzionatu zuela esan daiteke. Lehendabiziko buruzagia Fernando de Unceta izan zen, Euskalduna lantegiko traumatologia klinikako arduradun ohia.
Hasierako asteetan, Osasun Militarreko arduradunek, beren osasun-eskumenak Osasun Sailarekin zehaztu eta adostu behar izan zituzten, bigarren hau baitzen, finean, populazio zibilaren osasuna zaintzeaz arduratzeaz gain, ospitale militarrak sortzeko hainbat eraikin konfiskatzeaz, osasun-langile guztiak mobilizatzeaz (medikuak, praktikanteak, erizainak eta andazain edo kamilleroak) eta gudariak borroka-frontera bidaltzeko trebatzeaz arduratzen zena.
Osasun militarraren goi Buruzagitza Bilbon ezarri zuten, Euskal Gobernuaren eraikina zen Carlton hoteleko 3. solairuan. Erakundearen egitura honela antolatu zuten:
1- Buruzagitza eta idazkaritza ezberdinak: Orokorra eta Partikularra, Fronteen Ikuskaritza Orokorra eta Administrazioa.
2- Borroka-fronteko osasun-zerbitzuak: sektorekoak eta batailoietakoak.
3- Ospitaleetako zerbitzuak: abangoardiakoak eta atzeguardiakoak.
4- Higienea: Benereologia, Epidemiologia, Parasitologia eta espezialitate ezberdinetako zentroak.
5- Odontologia eta Estomatologia: borrokan zauritutako milizianoak artatzeko erabili zituzten zerbitzu mugikorrekin.
6- Gasaren aurkako zerbitzua.
7- Barakaldoko Munoan ezarri zuten Osasun Kuartel Nagusia. Han, Osasun Militarrak bere Parke Mugikorra, Garraio Intendentzia eta Anbulantzia Zerbitzua altxatu zituen.
8- Auzitegi Mediku-Militarrak, milizianoen balizko ezintasunak berraztertzeaz arduratzen zirenak.
9- Milizianoen zauri arinetarako kuarteletan sortu zituzten erizaindegiak.
10- Osasun Intendentziak: Guda Farmazia, Osasun Baliabideak, finkoa eta mugikorra.
11- Horniduren Intendentzia: elikagaien eta arropen biltegia.
12- Informazioa eta estatistika, zauritutako, gaixo eroritako eta borrokan hildako miliziano eta soldaduen kopurua erregistratzeaz arduratzen zena.
13- Komisariotza, ospitaleko bulegoetan ordena zaintzeko eta eraikinen konfiskazioak burutzeko arduraduna.
Gaurdaino, gerran zehar momenturen batean mediku, erizain, ohatilari, administrari edota bizargin gisa Osasun Militarrean aritu ziren 7.209 gizon eta emakume identifikatu dira.
Organigrama hau 1937ko apirilera arte mantendu zen. Gero, Eusko Gudarostearen berregituraketak borroka-frontean ziharduten osasun-langileei ere eragin zien. Batailoi, brigada eta dibisioetako mediku, praktikante, gaixo eta andazainak Armadaren aginduetara pasa ziren zuzenean, nahiz eta Fronteetako Inspektore Nagusiak jarraitu zuen euren ardura mantentzen.
Matxinatutako tropak Bilbon sartu izana kolpe gogorra izan zen Osasun Militarrarentzat, batez ere, hiria erori baino egun batzuk lehenago zuzendaritzak ihes egin behar izan baitzuen. Orduan, arduradun berri gisa José Luis Arenillas Ojinaga izendatu zuten. Arenillas, erakundea berrantolatzeko agindua betetzen saiatu zen.
Osasun militarreko arduradun gehienak Santoñan harrapatu zituzten frankistek. José Luis Arenillas 1937ko abenduaren 18an fusilatu zuten.
AI/ UB/ MJV